Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataforma: Datuak oso kezkagarriak dira

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ALDEKO PLATAFORMAREN PRENTSAURREKOA. Gasteiz, 2018-2-26.

Esteka honetan dituzue datu guztiak zehatz-mehatz

  • Atzerriko herritartasuna duten haur guztien (2980) %92a (2754) hiriko ikastetxe publikoetan eskolaratuta dago, eta %8a (226) itunpeko sarean.
  • 19 Ikastetxe publikok ikasle hauen kopurua %30etik gorakoa dute, eta batez bestekoa %20koa da; eskola horietako zortzik %50etik gorako kontzentrazioa dute lehen hezkuntzako etapan. Itunpekoetan, aldiz, ikastetxe bakar batek gainditzen du %10a atzerriko ikasle kopuruan (%16a du zehazki).
  • Diru publikoz finantzatutako ikastola pribatuetako bi ikasleek soilik dute atzerriko herritartasuna.
  • 2009 eta 2013 urteen artean haurrak sare publikora daramatzaten familien ISEKa %40 gutxitu da.
  • Ikastetxe hauetako irakasleek baliabide eskasekin aurre egin behar diete atzerritar jatorriko eta ISEK baxuko ikasleen pilatze artifizialetatik eratortzen diren arazoei .
  • Eusko Jaurlaritzak eskola publikoarekin adierazten duen konpromiso falta salatzen dugu, kalitatezko hezkuntza euskaltzale eta inklusiboa galdegiten dugu ikasle guztientzako, bere jatorria, egoera soziala edo erlijioa edozein izanda ere, eta jendartearen kohesioarekin konpromisorik hartu ez, eta proiektu diskriminatzaileak dituzten ikastetxeen finantziazioarekin bukatzea eskatzen dugu.

Hiriko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako familia, irakasle eta sindikatuek komunikabideak deitu ditugu, beste behin ere, Gasteizko eskola publiko gehienak pairatzen ari diren segregazio prozesua salatzeko. Gure aurkezpena izan zenetik bi urte joan dira, eta egoera hobetzetik urrun, finkatu eta enkistatu egin dela esan dezakegu.Talde parlamentario baten eskaerari erantzunez, Hezkuntza Sailak berak Eusko Legebiltzarrera bidalitako eta grafiko bidez azaldu eta zehaztuko dizkizuegun ikasturte honetako matrikulazio datuek argi erakusten dute egoera.

Datu hauek 2 urte hauetan salatzen ari garena baieztatzen dute. Desoreka izugarri eta argia dago sare publiko eta itunpekoaren artean atzerriko ikasleen eskolatzeari dagokionean, biek ikasle guztien kopuruaren ehuneko oso antzekoak dituzten arren: Gasteizen haur eta lehen hezkuntzako ikasle guztien %57a sare publikora doa eta %43a itunpeko pribatura.

Atzerriko herritartasuna duten haur guztien (2.980) %92a (2.754) hiriko ikastetxe publikoetan eskolaratuta dago, eta %8a (226) itunpeko sarean. Ikaslego hau sare publikoaren %19a da eta itunpekoaren %2a.

19 ikastetxe publikoetan atzerritar jatorriko ikasleen kopurua %30etik gorakoa da. Publikoan batez bestekoa %20ra iristen da; horietako 8 ikastetxek lehen hezkuntzako etapan %50etik gorako ikasle atzerritarren kontzentrazioak dituzte. Bestalde, itunpeko eskola bakarrak gainditzen du %10a (zehazki %16a du).

Gertakari hau Haur Hezkuntzan batez ere da argia; izan ere etapa honek espainiarra ez den herritartasuna duten 1.293 umeen matrikulazioak baditu, horietako 1.215 sare publikoan eta bakarrik 78 itunpekoan. Lehen Hezkuntzan, beste herrialde batzuetatik iritsitako ikasle eskolatuen artean 1.539k publikoan ikasten dute eta 148k itunpeko pribatuan.

Datu hauek guztiak Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidalitako datu ofizialetatik ateratakoak, ikasle atzerritarrak soilik hartzen dituzte kontuan. Espainiar hiritartasuna duten eta familia etorkinetako haurrak direnak ez daude zenbatuta. Ikasle hauei buruzko datuak kontuan izanik, Ikastetxe publikoetan Indize sozio ekonomiko kultural (ISEK)
baxuko eta atzerritar jatorriko ikasleen metatzeak grafikoetan ikusi ditugunak baino askoz ere altuagoak dira.

Hizkuntza-ereduei dagokienez, tradizionalki A eta B ereduen joera historikoarekin eta eskola-segregazioarekin lotua agertu izan arren egun D eredu publikoak jatorri atzerritarra duen hiriko ikaslegoaren %70ra baino gehiago matrikulatuta badauka eta eskola-segregazioa D ereduko ikastetxeetan ere jazotzen ari da.

Itunpeko D ereduan datuak nabari eta esanguratsuak dira. Hiriko bi eskola itunpeko pribatuek jatorri atzerritarra duten 2 ikasle soilik dauzkate matrikulatuta.

A ereduak kontrako joera du bi sareetan. Eredu hau duten hiriko hiru eskola publikoetan eskolaratzen diren ikasleak gehienbat atzerritarrak diren bitartean itunpekoetan minimoa da haien presentzia. B ereduan ere joera bera nabaritu daiteke.
Baina arazoa ez da ikastetxe publikoetan atzerritar jatorriko familien kontzentrazio artifizialiera mugatzen: ikaslego babesgabekoena eta behar handienak dituena da, ez bakarrik hezkuntzari dagozkionak. Ikastetxe hauetako irakasleek arazo anitz eta konplexuei egin behar diete aurre izan ere, eta baliabide falta izugarri batekin, hizkuntza zailtasunak, migrazio prozesu traumatikoek eragindako arazo psiko-sozialak, bitarteko sozio-ekonomikoen falta, etab. kudeatu behar dituzte.

Familia pobreetako haurrak, bakarrik beste familia pobreetako haurrekin erlazionatzera kondenatzen dituen gizarte bat eraikitzen ari gara, gainontzekoak Gasteizko errealitate anitzari bizkarra ematen dioten zentroetan babesten diren bitartean.

Aniztasuna aukera bat eta aberastasuna da. Gure seme-alabek aniztasunean hazi eta bizi behar dute, eskolatik hasita. Eskolak gizarte kohesioa sustatzeko duen papera berreskuratu behar du.

Baina Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kaskarrak aberastasun eta aukera bat dena, arazo larri eta erloju-bonba bihurtu du, eta ezer egin ezean edozein momentutan lehertuko da.

Haur eta Lehen Hezkuntzako datuei buruz ari gara, baina ezagun dugu bigarren hezkuntzako hainbat ikastetxeetan, zehazki A eredukoetan, gaurko egoera ez dela askoz hobea. Eta argi ikusi daiteke gaur hiriko eskola publiko gehienetan hasierako etapetan gertatzen dena, epe laburrean institutuetara pasako dela. Urte gutxiren buruan, ikastetxe ezberdinetan haur eta gazteen klase soziala, jatorri eta erlijioaren araberako banaketa hau derrigorrezko hezkuntza osora zabalduko da.

Hori guztia dela eta, berriz salatzen dugu:

  • Eusko Jaurlaritzaren erantzukizunen utzikeria. Eskola-segregazioari buruzko datuak bi urte argitaratu ondoren egoerari buelta emango dion ezer egin gabe eta erantzukizun politikoa bere egin gabe jarraitzen du. Egoerak ez du hobera egin okerragotu baizik. Hitz onak eta adabakiak, neurri handi batean gure salaketek behartuta, besterik ez. Eskola pribatuen finantziazio unibertsalaren ereduari buruzko erabateko hausnarketa falta dago; izan ere, itunari eta diru-laguntzen programa askotarikori esker laguntza publikoak jasotzen jarraitzen dute beraiei inolako gizarte-erantzukizunik exijitu gabe. Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira, hiriko ikaslegorik behartsuena eta baliabide gutxien dutenak alde batera uzten dituztenak.
  • Hezkuntza Saila gai honetan erakusten ari den gardentasun falta salatzen dugu baita ezagutu, onartu eta euskal gizarte osorako eta hezkuntza-sistemarako eskola-segregazioak dakarren arazo larria jakitera emateko interesik eza ere. Desoreka hau zuzentzea bere lehentasunen artean egon beharko luke.
  • Eskola publikoarekiko Hezkuntza Saila eta Cristina Uriarte sailburuaren utzikeria eta konpromiso eza salatzen ditugu.

Ondorioz, hona hemen exijitzen duguna:

  • Eusko Jaurlaritzak EAEn gizarte honetako askorengan eragina duen eskola-segregazio arazo larria dugula behingoz onar dezala eta segituan konpontzeko neurriak hartzen has dadila.
  • Hezkuntza Sailak euskal eskola publikoarekiko konpromisoa bere gain har dezala, hezkuntza-sistemako egituratzaile eta lehentasunezko ardatz gisa.
  • Egitasmo elitista eta diskriminatzaileen finantzazio publikoa amaitu dadila eta legeak exijitzen duen bezala, gizarte osorako derrigorrezko hezkuntzaren doakotasuna berma dadila.
  • EAEko ikaslego guztiarentzako euskaltzalea, inklusiboa eta kalitatezko hezkuntza izateko eskubidea ziurta dadila eta egungo hezkuntza politikoetan erabateko norabide aldaketa gerta dadila.